XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Zertan datza kontsiderazio hori? Adiskidetasunezko seinale gisa zeuk nahi duzun bezala maneiatzeko * maneiatu: kuzinatu aukera emango dizut.

Zer nahi duzu, zartaginean frijitzea ala tomate saltsatan kazolan egostea? - Egia esatea nahi baduzu, eta aukeran, nahiago dut libre uztea nire etxera itzul nadin - erantzun zion Pinotxok.

- Txantxetan ari zara, ezta? Horrelako arrain bitxia dastatzeko une egokiagorik!.

Ez dira nolanahi agertzen panpin arrainak itsaso hauetan! Utz iezadazu neuk nahi dudana egiten! Beste arrainekin batera frijituko zaitut eta pozik geratuko zara.

Lagunekin batera frijitua izatea kontsolagarria da.

Hitzaldi hau entzun zuenean, Pinotxo gizaixoa negarrez, deiadarka eta erreguka hasi zen, eta esan zion: - Eskolara joan izan banintz! Nire lagun gaiztoen esana egiteagatik orain larrutik ari naiz ordaintzen! Ai, ai, ai...!.

Aingira baten antzera okertzen zen eta, arrantzale berdearen atzaparretatik ihes egin nahian, senperrenak eta bi egin zituen.

Baina honek ihi * ihi: leku zingiratsuetan izaten den belar luze eta punta-zorrotza puska bat hartu eta eskuak eta hankak saltxitxoi baten gisa lotu ondoren, kaiku barnera bota zuen panpina beste arrainekin batera.

Gero, irinez betetako zurezko azpil handi bat atera zuen eta arrain guztiok irineztatzen hasi zen.

Irinez estali ahala, zartaginera botatzen zituen frijitzeko.

Olio irakinetan lehendabizi jauzi egin zutenak merlenkak izan ziren.

Gero txangurroak, gero korrokoiak, lengoaroak eta antxoak ondoren, eta azkenik Pinotxori tokatu zitzaion.